Argia: Ezin kanpora irten

Source: Argia: Ezin kanpora irten

Zine aretoak ez dira munduko lekurik onena klaustrofobikoentzat: itxita daude, ilunak dira eta pasillo baten ondoko eserlekua hartu ez baldin baduzu, ez da hain erraza izaten nahi duzunean altxa eta ateratzea. Eskerrak hasieratik jakin dezakezula zenbat denboraz egongo zaren isolamendu-egoera horretan: zinefilo handienek ere irten behar izaten dute noizbait aretotik eta, Zinemaldia jarraitzen ari bazara, efektu terapeutikoak dauzka pelikula eta pelikula artean aire pixka bat hartzeak. Kanpora irten ezin duten pertsonaiak ikusi ditugu Sail Ofizialeko hirugarren egunean. Batzuetan, kalean oin bat jartzeak larrua jokatzea esan nahi duelako. Beste batzuetan, beren buruari eraiki dioten kaiolan harrapatuta daudelako. Edo bizi diren herriko idatzi gabeko legeek harrapatuta bizi direlako.

 

‘La trinchera infinita’ 36ko Gerraren hasieratik abiatzen da.

Jon Garaño, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregik zuzendu duten La trinchera infinitapelikulako protagonistaren kasua lehenbizikoa da: Gerra Zibila bigarren aldiz agertu da Sail Ofizial honetan, baina oraingoan, Alejandro Amenabarren Mientras dure la guerran ez bezala, proposamen konbentzigarria pantailaratu dute Moriarti etxeko zinegileek. Gerra Zibilaren hasiera, Andaluziako herri bat: soldadu frankistak gorri-ehizan ari dira, bizilagunen salaketak, epaiketarik eta justiziarik gabeko exekuzioak. Eta Antonio de la Torrek antzeztutako protagonista, larritasun egoera hori bikain islatzen duten lehenbiziko minutuetan ozta-ozta salbatzen dena eta etxean egina daukan ezkutaleku batean gordetzea lortzen duena. Gerraren hasierako masakreari buruzko filma dirudienak, ordea, metamorfosi bat jasaten du iheslariak aitaren etxean ezkutaleku seguruagoa lortzen duenean. Urte luzez iraungo duen isolamendu behartua hastera doa.

36ko Gerra Zibilari buruzko pelikula asko egin dira, baina ez dut uste orain arte pelikula honek erakusten digun istorio mota kontatu zigutenik: bizitza erdia ezkutatuta pasatzera behartuta dagoen norbaiten munduan sartuko gara, pertsonaia horren eboluzioa pittaka-pittaka ikusiz, haren emaztearenarekin paraleloan. Gizona, hasieran ekintzara emanagoa, pixkanaka egoera berria ohitzen joango da. Emazteak, kontrara, hasierako jarrera beldurtiago batetik, egoera horren erruz desesperazioan ez erortzeko tresnak garatuko ditu.

Oso bestelako filma izan arren, gogora ekarri dit Lenny Abrahamsonek 2015ean zuzendu zuen Roomek planteatzen zuena: isolamendua esperientzia izugarri gogorra izan daitekeela, baina egoera hori bizi izan duen norbaitentzat benetako erronka gero hasten dela, bizimodu arruntera itzultzeko aukera daukanean.

Zuzendarien etxeko marka da planteamendu originalak ekartzea, istorioa ñabarduren bitartez garatzen asmatzea eta borobiltasunerako joera. Akaso, pelikula honen kasuan, badago une bat, erdi aldean, pertsonalki hainbeste konbentzitu ez nauena, bigarren mailako hari narratibo bat tarteko. Baina oro har maila ona ematen ari den Sail Ofizialean bere lekua egin duen filma da.

Indarkeria psikologikoa biolin-eskolan: ‘Das Vorspiel’.

Urrezko Maskorra lortzeko lehian, Das Vorspiel zinta franko-alemaniarra ere ikusi dugu igande honetan, Ina Weissek zuzendutako lana, zeinak biolin-irakasle baten istorioa kontatzen duen. Irteteko zailtasuna, oraingoan, ez da fisikoa, psikologikoa baizik: pertsonaia musikari frustratua da, bere buruari ezarritako gehiegizko exigentziak jendaurrean aritzeko problemak eragin zizkiolako. Frustrazio hori ingurukoengan nola proiektatzen den erakusten du pelikulak, biolin-ikasle bat, protagonistaren semea eta bikotekidearen bizimoduetan itzal kaltegarria bihurtzeraino.

Lehen minutuetan filmaren fokua ez dago guztiz argi, baina protagonistaren izaera agertzen doan neurrian sendotasuna irabazten du. Sentsazio desatseginak eragin ditzakeen pelikula dela esango nuke, azken finean, porrot pertsonal baten kontakizuna da eta gainera ez du inolako baltsamorik eskaintzeko asmorik. Grisetik asko duen koadro horri egoki laguntzen diote biolin-irakaslearen rola jokatzen duen Nina Hoss aktorearen ñabarduraz beteriko lanak eta pelikularen giroak, oro har, eta argiztapenak bereziki. Eraginkortasunez adminstratutako indarkeria psikologiko dosi hau hartu ondoren, aretotik atera ahal izatea giza-eskubide gisa aitortuta egon beharko litzateke.

‘A Dark-Dark Man’ izan da gaurko ezustekoa.

Eguneko sorpresa Kazakhstandik etorri da eta A Dark-Dark Man du izena. Adilkhan Yerzhanov zuzendariaren film honen metrajea ikusita (130 minutu) beldur pixka batekin sartu naiz bazkalaurreko pasera, baina aitortu behar dut aurreiritzi guztiak puskatu dizkidala.

Film poliziakoaren eta westernaren arteko zerbait da zakurraren ipurdiko herri batean girotutako istorio hau. Ume bat bortxatu eta hil dute eta kasuaz arduratu behar duten poliziek dena prestatzen dute urritasun mental moduko bat daukan gizagaixo bati kulpa botatzeko. Atxilotuak torturatzen ikusten ditugu agenteak, hiltzaile eta pedofilo gisa sailkatu duten pertsonaia nola hilko duten hitz egiten dute naturaltasun osoz, atxilotua aurrean dutela. Baina guztiz normalizatutako ustelkeria polizialaren festa horrek gonbidatu berezi baten bisita jasoko du: kasuari buruz informatzera etorri den kazetaria. Polizia-agente batekin orpoz orpo lanean hasiko da eta haren gauzak egiteko modua auzitan jartzen. Baita poliziari bere ordura arteko bizimodutik irteteko ate bat irekitzen ere.

Edozein problema indarkeria erabiliz konpontzera ohituta dagoen agentearen eboluzioagatik, kazetariarekin daukan harreman bereziagatik, filmak momentu gordinetan ere daukan ironiagatik, biolentzia eta hilketak zein gauza banala izan daitezkeen pantailaratzeagatik, pelikula honek aukera bat merezi du. Lehiaketan dauden filmen artean orain arteko bitxiena delako, nahi bada. Baita zerbait sakonagoa ere badelako. Erritmo onean kontatuta dago eta Kazakhstango paisaia mortuak oso txukunki esplotatzen ditu nire ustez, emaitza hipnotiko bat lortuz.

Momentuz, Sail Ofiziala barruan bizitzen geratzeko modukoa izaten ari da.