Naiz.eus: ZINEMALDIA: EGIAZKO PLANETAREN FOTOGRAMAK

Source: Naiz.eus: ZINEMALDIA: EGIAZKO PLANETAREN FOTOGRAMAK

Urtero, sentsazio hori, zirrararen eta bertigoaren arteko mugan. Guztia ondo nahasita koktel mamitsu batean, gurean daukagun zinema arloko hitzordurik handienaren lehen zantzuak hodeiertzean agertzen direnean. Sarrerak salgai jartzearekin batera –gaur goizeko bederatzietan zabaldu dituzte leihatilak–, ate joka datorren Zinemaldiaren 67. edizioan gaurkotasun bizia duten errealitateak, bai gertukoak eta bai urrutiko lurraldeetakoak, islatuko dituzten hainbat film aukeratu ditugu zuentzat. Kontinenteka bildu ditugu migrazioa, feminismoa, ekologia edo gizarte desoreka bezalako egunerokotasuneko gaiak ukitzen dituzten lanak. Ez daude denak, noski, ezta kontinente guztiak ere, Ozeania eta Antartikako ezer ez baitugu aurkitu. Guk jakin gabe halakorik balego, kontuan izan ezazue, harribitxi bat izan daitekeelako... edo ez.

Kazakhstan. Aldizkari espezializatuek indie kultura edo Aki Karusmäki finlandiarra aipatzen dituzte, bata zein bestea, Adilkhan Yerzhanov zuzendari kazakharen eraginei buruz mintzatzean. Bai, kazakha da, areto komertzialetan oso ohikoa ez den lurraldeko ordezkari. Jezkazgan eskualdean jaioa, Kazakhstaneko Arteen Eskola Nazionalean zinema ikasketak egin ondoren New Yorkera joan zen beka batekin, eta ordutik film batzuk egin ditu, horien artean “The Owners”, 2014ko Cannesen proiekzio berezi batean kritikarien onespena jaso zuena. “Varity” aldizkari estatubatuarraren esanetan: «Petrolio ekoizlea da Kazakhstan, askogatik Erdialdeko Asian kokatutako errepublika sobietar ohietatik aberatsena, baina bere zinemagintza irregularra da; barnean film epiko astunak kontsumitzen dituzte, eta nazioarteko jaialdietara, aldiz, drama indie artistikoak esportatzen dituzte». Azken atal honetan kokatuko genuke Adilkhan Yerzhanov. Donostiara dakarren “A Dark-Dark Man” (Sail Ofizialean, Urrezko Maskorraren lehian) filmak thriller beltz-beltzaren egitura dauka, Kazakhstango herri batean kokatutako polizia ikerketa baten bidez.